XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

ELORRIOKO BILTEGIA MARTXAN ETA ARRASATEN MAXIA AZAROAN.

Eroski: Irabaziak eta Inbertsioa gora Arantzazu Loidi.

Eroski Kooperatiba Elkarteak, Euskal Herriko kooperatiba guztien artean kontsumoaren munduari zuzenduriko bakarrak, orain 20 urte sortu zenetik gaur arte, hazkundea eta irabaziak izan ditu ezaugarri, eta azken urteko salmentak ikusi besterik ez dago, %13,8an gehitu bait ziren, 47.521 miloiko kopurura iritsiaz.

Kontsumitzaileak ere bazkide dituen kooperatiba honek iharduera kontsumerista sustatzen dihardu, kontsumitzaileen eskubideen alde lanean, arlo horretako heziketa bideak urratuz, horren adibide ditugularik hileroko EROSKI aldizkaria eta EROSKIDE eranskina, eta 1988an egin ziren 1254 formazio ekinaldiak.

Gaztelu hori eraikitzen Batzorde Kontsumerista Lokaletako partaideek musu-truke egindako lanak lagundu du, besteak beste.

148.000 kontsumo-bazkide eta 1683 langile daude, azkenean, helburu bakarrari eusten: gizartearentzat zerbitzu hobea eta ekonomiaren hazkundea.

Hazkunde horren lehen emaitza kontsumitzailearen zerbitzurago Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroan zehar hedaturik dagoen sare komertziala da, aurtengo urtarrilaren 31n, denda motaren arabera honela sailkaturik: 2 Hipermerkatu (Gasteizen eta Leioan), 3 Maxi (Ordizia, Eibar eta Txurdinagan), 65 supermerkatu, 10 superzerbitzu, 6 autozerbitzu, 4 Cash and Carry (jatetxe, eritetxe eta antzekoetara zuzenean saltzen duten zentruak), eta jantzi nahiz elektrotresnetan espezializatutako 19 denda.

Erosle izenarekin frankizia bidez elkartutako saltzaile independienteak, berriz, 204 dira eta EROSKI BIDAIAK ajentziak 10 bulego ditu Euskal Herri osoan.

Biltegi berria Dendasare handi horri egoki erantzungo bazaio, ezinbestekoa da biltegi zerbitzua ere handitu eta zabaltzea.

1974. urtean ireki zen Elorrioko San Agustin auzoko biltegia eta urtez-urte handituaz joan da, 88-89 urteko anpliazioarekin merkatuaren eskabideei erantzuteko prestatu, gerora begira handitzeko premiari aukerarik ukatu gabe.

Joan den ekainaren hasieran inauguratu da zati berria, guztira 2000 miloiko inbertsioaz, teknologia eta automatismorik modernoenez informatika, robotika eta mekanikaz hornitua, Euskadin lehenengoa eta estatu mailan ireki den bigarrena, denbora gutxiren aldearekin.

Jose Miguel Fernandez-ek, Eroskiko Garapen Saileko Zuzendariak esan digunez, biltegi honen helburu nagusia bezeroarenganako zerbitzua hobetzea da, saltokietara banaketa arinago eta zuzenago egin eta aldi berean, merkatuaren beharretara moldatzea.

Biltegiaren beraren gaitasuna gehitu eta kostuak gutxitzeaz gain, produktuen kalitatearen kontrolean ere aurrerapausu handia lortuko da, bestalde.

Elorrioko Biltegi Nagusian produktu orokorrak biltzen dira, haltzari eta jantzietatik hasi eta garbitasun nahiz epe luzerako jakietarainokoak eta produktu freskuentzat beste bi biltegi ditu Eroskik, banaketa egunero egitea lortu asmoz: Bata, Zornotzakoa, fruitu, barazki eta arrainkiak gordetzeko eta abuztutik aurrera urdaiki, esne eta esnekiak ere hara eramango dira, eta Berrizen bestea, haragi kontua antolatu eta dendetara zuzenean banatzeko.